México 1880 - Ciudad de Buenos Aires - Argentina

E-Mail ekin.buenosaires@gmail.com Teléfono (54) (11) 4383-1529



¡¡ Atención, la HISTORIA y CATÁLOGO DE LA EDITORIAL se encuentran en la parte inferior de la página !!!



miércoles, 15 de marzo de 2017

ELKARRISKETA / ENTREVISTA

  KULTURA  GETXO 2017-02-27 10:00

Arantzazu Ametzaga Iribarren: "Nire aitari entzun nion lehenengo hitza ‘Algorta’ izango zen, seguruenik"

Kepa Ugarte Martiarena
Arantzazu Ametzaga Iribarrenek (Buenos Aires, 1941) joan den martitzenean aurkeztu zuen "Contraviaje. De Nueva York a Gernika pasando por Berlín" (Ekin, 2015) liburua, aitaren jaioterrian, Algortan. Bingen Ametzaga Aresti euskal idazlea eta politikaria zuen aita, eta ama Mercedes Iribarren Gorostegi, Areetan finkatutako mutrikuar enpresari-familiakoa. Gurasoak Amerikara erbesteratu ostean, Argentinan jaio zen; "ametsetako herrira" itzultzeko aukera eduki du, gurasoek ez bezala.
Arantzazu Ametzaga Iribarren: "Nire aitari entzun nion lehenengo hitza ‘Algorta’ izango zen, seguruenik"

Noiz jakin zenuen erbesteratuen alaba zinela?

Beti jakin izan dut 1936ko Gerraren ondorioz atzerriratutako euskal herritarren alaba nintzela. Banekien Euskadi izeneko beste aberri bat geneukala eta noizbait bertara itzuliko ginela. Maletak prest genituen; izan ere, inork ez du espero erbestealdia 40 urtez luzatzea. Hala ere, askotan esaten diet nire seme-alabei nire bizitza emankorra izan dela, zentzu askotan; pertsona eta herrialde paregabeak ezagutu ditut. Tamalez, ez nuen haurtzaroaz gozatu; Buenos Airesen jaio arren, nik ere sumatzen nituelako atzerriratu behar izanagatik gurasoen kezka eta minak. Atzean utzi zuten hori guztia neurea ere bazen, zentzu batean.

Idatzitako liburuetan igar daiteke erbestealdia?

Argentinan, Uruguain eta Venezuelan bizi izan naiz; Caracasen jaio ziren nire lehenengo hiru semeak: Xabier, Peio eta Mikel. Herrialde horietako guztietako lagunak ezagutzeko aukera izateaz gain, euren historia ikasi nuen; izan ere, Bibliotekonomiako ikasketak egin nituen, Humanitateen arloan. Historiaren bidez, eurak hobeto ezagutzen ikasi dut. Eta hori derrigorrean islatu behar dut idazten ditudan liburuetan.

Zeini esker zaletu zinen idaztera?

Aitarekin hasi nintzen idazten, Bingen Ametzagarekin (Algorta, 1901 - Caracas, 1969). Beti diot nire aita izateaz gainera, maisua ere bazela. Bera algortarra zen, eta abokatua. Bere lanak idazteaz gainera, Literatura Unibertsaleko autore klasikoen liburuak euskarara itzuli zituen; izan ere, berarentzat erronka handia zen William Shakespeare (Ingalaterra, 1564- 1616) bezalako idazle handien obrak gure hizkuntzan ere irakur zitezkeela frogatzea. Erbestealdiak gabezia ugari eragin arren, itzulpengintzan jardun zuen, musu-truk.

Zelan hartu zenuen aberrira itzultzeko erabakia?

Algorta gogoan zeukala, Caracasen hil zen aita. Bitartean, urte luzez nire bikotekidea izan zen Peiorekin ezkondu nintzen, Manuel Irujoren (Lizarra, 1891 - Bilbo, 1981) iloba zena; euskal herritar bihurtzea ala amerikarrak izaten jarraitzea aukeratu behar genuela uste genuen biok. Horrez gainera, bere osabaren oinordeko politikotzat zeukaten nire senarra, eta Nafarroan EAJ alderdia berrantolatzeko enkargua eman zioten. Zeregin hori aurrera ateratzeko asmoz, aberrira itzuli ginen. Nafarroan ezkutuan zegoen euskal nazionalismoaren ahotsa ozen entzunaraztea lortu zuen Peio Irujok (Biarritz, 1940 - Iruñea, 2008). Gainera, esan behar dut ez naizela inoiz damutu Caracasetik nafarren lurraldera etortzeaz.

Nafarroaz gainera, gainontzeko euskal lurraldeak gogoan eduki dituzu beti zure liburuetan.

Nafarroan bizi naiz; Iruñean jaio zen nire laugarren semea, Enekoitz. Gainera, eleberri historikoak idazteko, Arturo Campiónen (Iruñea, 1854 - Donostia, 1937), Manuel Irujoren eta beste hainbat nafar handiren bizitzetan murgildu nintzen. Hala ere, egia da, gainontzeko lurraldeak ez ditudala inoiz ahaztuko. Aitaren aldetik, bizkaitar peto-petoa naiz; baina, amari esker, gipuzkoarren, nafarren, arabarren eta lapurtarren odola daramat zainetan. Euskal herri guztiak maite ditut.

Algortan aurkeztu zenuen liburuan, istorio bi nahasten dira, ezta?

Bai. Istorio bi kontatzen ditut Contraviaje. De Nueva York a Gernika pasando por Berlín (Ekin, 2015) izenburuko liburuan. Alde batetik, gaurkotasunarekin pareka dezakegu: Julene izeneko liburuzaina euskal gazteriaren etorkizuna balitz bezala irudikatzen ahalegintzen naiz. Beste alde batetik, iraganaz ari naiz; Jose Antonio Agirre (Bilbo, 1904 - Paris, 1960) lehendakariak egin behar izan zuen bidaia arriskutsua dut hizpide. Liburuzaina den Julene, lagun baten bitartez, iragan ilun eta beldurgarri horretan murgilduko da; Adolf Hitler (Braunau, Bohemia, 1889 - Berlin, 1945) eta Gestapo atzetik dauzkan gizon batekin topo egingo du. Berlinen galduta egon arren, garaile aterako da Jose Antonio Agirre. Errealitate bi islatu nahi izan ditut: batetik, etorkizun oparokoa ez zirudien iragana; bestetik, itxaropentsua dirudien oraina.

Zein mezu helarazi gura diezu irakurleei?

Gaur egungo egoera ona dela, Euskadin. Bestalde, 1936ko Gerra osteko urteak gogorrak izan arren, ez ditut orain horrela ikusten. Adibidez, politikaren arloan, garai horretan ereindakoak balio izan digu kendu izan ziguten gauzetako batzuk berreskuratzeko. Euskara ere hobera doa pixkanaka; 1950ean, gure hizkuntza hiltzat ematen zuten nire aitak, Telesforo Monzonek (Bergara, 1904 - Baiona, 1981) eta euskararen arloan zebiltzan askok. Jazarpena itzela izan zen. Hori guztia igar daiteke Contraviaje. De Nueva York a Gernika pasando por Berlín liburuan.

Berezia da zuretzat liburu bat berton, Algortan, aurkeztea, ezta?

Bai. Nire ametsetako herria da Algorta. Seguruenik, nire aitaren ahotik entzun nuen lehenengo hitza horixe bera izan zen; egun guztietan hitz egiten zidan bere herri maiteaz.

Jose Antonio Agirre hurbiletik ezagutu zenuten?

Bera ere algortarra zen. Bestalde, Jose Antonio Agirrek buru izan zuen lehenengo Eusko Jaurlaritzan Lehen Hezkuntzako zuzendaria izan zen nire aita; berak eman zien izaera juridikoa ikastolei. Nire aitaren lagun mina zen lehendakaria; etxekoez bezala hitz egiten genuen hari buruz. Nik Montevideon ezagutu nuen; argazki batean agertzen naiz Agirrerekin, poxpolinez jantzita, lore-sorta bat eskuetan daukadala. Karisma handiko gizona zen; begiratzen zintuenean, munduan zu bakarrik existitzen zinela ematen zuen. Garai hartan Euskadik behar zuen gizona izan zen Agirre.

Zer irizten diozu euskal estatuari eta erabakitzeko eskubideari ?

Ezin dugu ahaztu behin baino gehiagotan izan garela estatu; Baskoniako dukerria izan zen lehenengoa. Bestalde, Nafarroako Erresuma euskal estatu handi bat izan zen; pixkanaka kendu egin zigutena. Hori guztia idatziz dago jasota gure historian. Hartara, badaukagu zertan oinarritu. Nire ustez, giza eskubideen artean dago autodeterminazioa; euskal herritarrok horretaz baliatzea erabakitzen badugu, besteek errespetatu egin beharko dute. Madrilen edo Parisen dagoena dagoela, errespetatu egin beharko du. Hala ere, badakit ez dela horren erraza. Kar, kar.

Atlantikoaren beste aldetik, zelan ikusten dute Euskal Herriaren gaur egungo egoera?

Egin dezakeguna baino gehiago eskatzen digute batzuetan. Kontuan hartu behar dugu, batez ere Argentinan eta Uruguain, eta neurri batean Txilen ere bai, karlistaden ostean ihes egindako euskal herritarrek sortutako komunitateez ari garela. Gure foruak defendatzeko azkeneko gerra 1876an amaitu zen; ordurako, 1878an, existitzen ziren euskal etxe batzuk, oso oinarrizkoak, Buenos Airesen eta Montevideon. Horrek argi adierazten du herritar horiek sentitzen zuten deserriratzea. Aldi berean, nekaezinak ziren euren ideiak defendatzeko orduan. Caracaseko euskal etxeari dagokionez, 1936ko Gerra amaituta, ihesean zihoazen euskal herritarrek zabaldu zuten, 1940an; hamar urte beranduago inauguratu zuten gaur egun zutik dagoen zentroa. Esan daiteke luxuzko enbaxadak dauzkagula munduko kontinente guztietan: Amerikan, Boisetik eta Nevadako inguru horretatik guztitik Argentinako panparaino, euskal etxeak aurkituko ditugu.

Zertan lagun dezake euskal diasporak euskal gatazka konpontzen laguntzeko?

Beharrezkoa den heldutasun-mailara eta hurrengo pausoa emateko batasun-mailara heltzen garenean, oso lagungarriak izango dira euskal etxeak, nire ustez. Gure alde hitz egin dezakete botere-guneetatik hurbil dauden zentro horien guztien ordezkariek. Oso sinbolikoa izango da, beharbada; baina, ezin dugu ahaztu Gernikako arbolaren kimu bat dagoela Buenos Aireseko Etxe Arrosaren aurrean; bertan kokatzen da Argentinako presidentearen bulegoa. Horrez gainera, beste kimu bat dago Washingtonen, kapitolioan.

Zein pauso eman beharko litzateke bake-prozesua helmugara iris dadin?

Nik uste dut ondo goazela: mila urtetan ez dugu lehendakari abertzalerik izan Nafarroako Gobernuan; bestalde, nazionalistak dira Hegoaldeko lau hiriburuetako alkateak. Horretaz gain, Baionan inoiz ez dugu izan Jean-Rene Etxegarai bezalako ordezkaririk. Frantziako iraultzak kalte izugarria egin zigun euskal herritarroi; gaur egun, aldiz, herri-elkargo bakarra dago Ipar Euskal Herrian. Hala ere, idazlea baino ez naiz.

Pausoak eman dira...

Ez dut indarkerian sinisten; beste arrazoi batzuen artean, armak eskuan izan ditugunean beti irabazi gaituztelako, eta oso nekagarria izan delako herriarentzat. Biolentzia, heriotza eta gizakia iluntasunera eraman dezaketen kontu guztiak gorroto ditut. Gaur egun, ordea, batasuna harilkatzen goaz pixkanaka; herria osatzen goaz.

Liburu-egitasmorik badaukazu eskuartean?

Alsina itsasontziaren bidaiaz hitz egingo dut hurrengo eleberrian; gutun ezberdinak bailiran idatzi dut. Hala ere, ez dakit noiz argitaratuko dudan. Nire gurasoak 1941eko urtarrilaren 15ean atera ziren Marseillako portutik, Alsina itsasontzian; zehazki 1942ko apirilean heldu ziren Buenos Airesera.
Fuente : http://hiruka.eus//getxo/1487781892534