Iker Tubia
Hamaika gudu eta bataila izan dira gizakien historian, eta, era berean, historia hamaika aldiz bihurtu da gudu zelai. Argi ikus liteke hori, adibidez, Errozabalgo guduarekin —Orreagako gudua esaten zaio—. 1.240 urte joan dira baskoiek Karlomagnoren gudarostea garaitu zutenetik, eta historiako pasarte hura gatazka iturri izaten da oraindik ere. Zurrumurruak baztertu, eta argia jarri nahi izan du Xabier Irujo historialariak bataila horri buruzko informazioaren gainean.
400 urteko korapiloa da Errozabalgo gudaren inguruko polemika: 1695ean ageri da lehenbizikoz, Joseph Moretek Juan de Marianaren lana kritikatu zuenean. «Latinez, Marianak iturri historiko fidagarriak erabili zituen, baina baita idazki literarioak ere. Gaztelerara itzultzean, iturri historikoak baztertu zituen», azaldu du Irujok. Moreten aburuz, Gaztelako historia azpimarratu eta Nafarroakoa desagerrarazteko egin zuen hori. «Gaur egun berdin jarraitzen dugu».
Bada Errozabalgo gudua beste toki batzuetan kokatzen duenik, eta bada oraindik gudua bera ukatzen duenik ere. Horren aurrean, Irujok jatorrizko iturrietara jo du —autore batzuk itzulpenekin egin dute lan, eta horrelakoetan baliteke datu batzuk itxuraldatzea—, eta hainbat kontu gezurtatu ditu. Emaitza bere liburuan irakurri daiteke: 778, La batalla de Errozabal en su contexto histórico (778, Errozabalgo bataila bere testuinguru historikoan).
Errozabalen, buruz buru
Irujok zehatz-mehatz azaldu ditu Errozabalgo guduaren nondik norakoak. Testuingurua; Karlomagnoren segizioaren ibilbidearen xehetasunak; bataila non, noiz eta nola izan zen; eta bataila horrek gerora zer ondorio izan zituen. Lehenik eta behin, argi utzi du: Orreagakoa bataila bat izan zen —latinezko iturriek ez dute «guduxka» aipatzen, gudua baizik—, eta Errozabalen eta Zizeko bortuaren luze-zabalean gertatu zen. Errozabal Auritz eta Aurizberri dauden lautada da. «Iruñetik Donibane Garaziraino dagoen toki lau bakarra da, beraz, neurri horretako bataila bat Errozabalen, Ibañetan eta Zizeko bortuan borrokatuko zen».
Irujok ikusi du Zizeko mendatea ageri dela Iturrietan. Batzuk diote hor ezin zela izan, ez omen zen biderik. Baina Aranzadi zientzia elkarteak bide erromatarra aurkitu zuen 2014an. Egile batzuek Jakan (Espainia) izan zela diote, «inolako froga dokumentalik gabe», Irujoren arabera. «Garrantzitsua da iritzia eta irizpidea bereiztea». Historialariak azaldu duenez, iturri historikoak eta literarioak bereizten saiatu da, eta lehenbizikoetatik atera ditu ondorioak.
Karlomagnoren gudarostea Zaragozara ezin sartuta ibili zen, eta, bueltan, Iruñea suntsitu eta erre zuen. Horren ondoren gertatu zen Errozabalgo bataila, abuztuaren 15ean. Irujoren arabera, gainera, ez litzateke egun bakarreko guda izanen. Gehien zabaldutako bertsioaren arabera, baskoiek Karlomagnoren atzeragoardiari egin zioten eraso Ibañetako lepoan. «Hori egia ofizial bihurtu da, eta Errolanen kantuan horrela ageri da, baina ez du zentzurik». Irujok beste bertsio bat eman du: lehenik eta behin, ez zen gudu bakarra izan. Iruñetik atera zirenetik, hainbat aldiz eraso zioten Karlomagnoren segizioari. Bestetik, Errozabalgo batailan ez zioten soilik atzeragoardiari eraso egin: «Batailatik gutxira idatzitako bi iturri nagusitan diote altxorraren atzeko partean izan zela erasoa, ez atzeragoardian».
Irujok tratatu militarretan arakatu du, eta bertan aurkitu du erantzuna: «Altxorra beti jabearen ondoan doa». Karlomagnoren atzetik zihoan, egoera larri batean tapoia egin baitzezakeen. «Armadaren parterik hoberenari pasatzen utzi zioten, eta altxorrari eraso egin zioten. Gainerakoak tranpa horretan gelditu ziren, eta sarraskia itzela izan zen». Tartean jende garrantzitsua hil zen: «Agiardo, inperioko bigarrena, eta Hanselmo, palazioko maiordomoa, baita Errolan ere, Bretainiako markaren gobernadorea. Hori normalean ez da bataila batean gertatzen». Baskoiek arma eta jantzi arinagoak zituzten, eta ingurua ezagutzen zuten. Ezustean harrapatu zituzten, beraz, eta aise irabazi zuten bataila. Irujoren arabera, buruz buru aritu ziren borrokan.
Irujok beste detaile bat ere aipatu du: Karlomagnok ihes egin zuen, gudarostea atzean utzita. «Karlomagno zuritzeko zabaldu zen atzeragoardiaren erasoarena. Ezin zuten esan Karlomagnok ihes egin zuenik». Irujoren kalkuluen arabera, gudarosteak 8,5 kilometro egiten zituen egunean, batez beste. Karlomagnok 27 kilometro egin zituen eguneko Luzaide utzi zuenez geroztik. «Eta ez zen inoiz bueltatu». Iturrietan «oso garbi» ageri dira hiru Errozabal: 778koa, 812koa eta 824koa. «Karlomagno lehenengoan baino ez zen egon».
Bestalde, Irujok gurutzada asmo bat ikusten die Karlomagnoren planei —nahiz eta garai hartan ez zen gurutzada kontzepturik oraindik—. «Horregatik, autore batzuek baskoiak musulman bihurtu zituzten». 824an ere baskoiek irabazi zuten Errozabalen izandako bataila. Irujoren arabera, horren ondorio nagusia Eneko Aritzaren Iruñeko Erresuma sortzea izan zen. Karlomagnok marka hispanikoa sortu nahi izan zuen, baina ez zuen lortu. Erresuma sortu izanak are gehiago zailtzen zion marka sortzea.
Egungo iturri historikoekin ezin da askoz harago joan, Irujoren aburuz, baina arkeologiak ate asko ireki ditzake. «Indusketak egin beharko lirateke Zizen eta Errozabalen. Seguruenik aztarnak agertuko dira». Bataila izan eta 900 urtera hango herritarrek aurkitzen zituztenen modukoak.
(*) https://www.berria.eus/paperekoa/1928/030/001/2018-09-08/batailaren_erro_zabalak.htm?utm_source=newsletter&utm_medium=email&utm_term=1029&utm_campaign=1029
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.